ENGAIAMENDUAK

EHZ Festibalak ingurugiroarekiko errespetuan jarduteko egaiamendu irmoa dauka eta horregatik, Euskal Herrian eta Europan aitzindariak izan diren ekinbideak ezarri ditu martxan: plastikaren erabilpena murriztea ahalbidetu duten baso berrerabilgarriak, produktu kimikorik gabeko komun idorrak, garraio kutsadura sahiesteko KM zeroko ekoizpenak eta birziklapen neurriak errate baterako. Brigada Berdeko kideak ditugu konpromezu horien zaintzaile zintzoak! Elikadurari dagokionez, eskualdeko eta Euskal Herriko ekoizleen eskutik eratorritako ekoizpenak dira bertan aurkituko dituzun gehien-gehienak. Eskualdeko garapenarekiko eta garraiotik eratorritako kutsadura emisioak murriztearekiko konpromezua du festibalak, eta ahal den heinean, ekoizpenak baserri biologikoetatik izatea lehenesten da. Era berean, diru-trukaketak saihesten ahalegintzen gara festibalaren eremuaren barnean, behin-behineko "ttantto" sistemaren bidez ordezkatuz.

  • Irabazteko xederik gabeko elkartea gira.
  • Anitza. Jatorri, adin, iritzi politiko eta engaiamendu mailaanitzak biltzen ditugu. Aurreiritziak hausteko eta harreman sareak eraikitzeko bidea da. EHZren aberastasuna, laguntzailegoaren eta publikoaren aniztasunean atzematen da.
  • Independentzia. Lantzen ditugun gaien zeharkakotasuna dela eta ez du existitzen den egitura bat ordezkatzeko xedea.
  • Engaiamendua. Euskal Herri eta mundu mailako gertakariei buruz gogoetatzera gonbidatzen dugu.
  • Herrikoia. Euskal Herriko herri mugimenduekin elkarlana sustatzeko borondatea dugu.
  • Kultura. Euskal Herri mailako kultur eragile alternatiboen topagunea da. Herri-kultur eta kontra-kulturaren ikuspegia landuz, eskubide kolektibo horren merkantilizazioen aurka borrokatzen gira.
  • Aisialde-eredu alternatiboa. Jendarte arautu eta kontrolatu batean, aisialdi guneak beharrezkoak dira bestelako harreman sozialak eraiki eta indibidualismoari buru egiteko.
  • Gaztea. Belaunaldi artekotasun handiak elkartea ezaugarritzen baldin badu ere, gazte izaera hori indar bat da.
  • Euskalduna. Euskara lehentasunez erabiliz, hizkuntzaren normalizazioaren alde lan egiten dugu.

MUSIKA

EHZ Festibalaren nortasuna, bere programazio musikal alternatibo eta aberatsa da. Ez dira gutti EHZtik igarotako taldeak, gerora mundu mailan ezagun egin direnak. Rap, rock, elektro, metal, reggae… Publiko guztiei egokitutako eskaintza bat proposatzen du festibalak. EHZ Festibala ez litzateke deus izanen Euskal Herriko musika talde bikain guzti horiek gabe. Talde ezezagunagoak edo ttikiagoak izanda ere, denak kalitatean handi direla erakutsi dute urtez-urte. Festibalean beti ukan dute nazioartean ezagunago diren artisten ondoan, giro ezin hobean haien eskaintza plazaratzeko. Tiken Jah Fakoly, Sutagar, Public Enemy, Lluis Llach, Alpha Blondy, Berri Txarrak, Goran Bregovic, Bigflo & Oli, Fermin Muguruza, Crystal Fighters, Gojira, Keny Arkana, Manu Chao... eta beste anitz izan dira EHZko oholtzen gainetik igaro diren talde entzutetsuak.

ehz 2024
ehz 2024

TAILERRAK

Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da gure festibala. Horregatik, elkar trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen ditugu, eduki politikoari garrantzia nabarmena eskainiz eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz. Eskaintza politikoak lehentasunezko tokia du gurean: tailerrak, hitzaldiak, mahain inguruak, bestelako lanketa kolektiboak... Bost gai nagusi jorratuak izanen dira aurten, eta gai horien lantzeko, larunbat goizean zehar andana bat mahai inguru eta hitzaldi antolatuak izanen dira eragile desberdinen lankidetzari esker. Goizeko mintzaldiek bide emanen diete arratsaldeko tailer praktikoei, zeinetan ardatz bereziak landuak izanen diren hogeinakako tailer interaktiboetan. Honela, formakuntza eta hausnarketarako momentu bat eskainia izanen zaio parte hartzaile orori, elgarrekin gogoetatuz eta jakintza teoriko zein praktikoak partekatuz. Kontsumitze soiletik harago, festibalariak aktore bilakatzea dugu xede, interakzioa piztu eta bere parte hartzearen bidez ekarpenak egitea sustatuz. Festibalak esperientzia kolektibo anitzen espazioa izan nahi du. Atera gaitezen ohituretatik eta ausartak izan gaitezen mundu honen edertzeko!

IKUSGARRIAK

Espresio kultural anitzek dute islada EHZ Festibalean. Hamarnaka antzerki, ikusgarri, zirko, dantzaldi, erakusketa... izan dira guretik igaro direnak. Publiko guztiei egokitutako eskaintza bat proposatzen du festibalak, haurrei ere zuzendutako programazio berezi batekin. Haurren Xokoak urtero biltzen ditu ttikieneri liluratuko dien esperientzia meta erraldoi bat: pailazoak, magoak, dantzak, eskulanak, ipuin kontalariak, jolasak, ezagutza berriak eta abar. Capoeira, yoga, bertsolariak, txarangak, joaldunak... denak balio du gure ingurua kolorez betetzeko! Koloreztatze horri begira, erran beharra da goi-mailako konpainia eta artista askok zapaldu dutela EHZ Festibala: Kukai dantza konpainia, Le Petit Théâtre de Pain, Artedrama antzerki konpainia, ATX Teatroa, Bilaka dantza konpainia, Pirritx eta Porrotx pailazoak ...

ehz 2024