Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da gure festibala.
Horregatik, elkar trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen ditugu, eduki politikoari garrantzia nabarmena eskainiz eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz.
Eskaintza politikoak lehentasunezko tokia du gurean: tailerrak, hitzaldiak, mahain inguruak, bestelako lanketa kolektiboak... Bost gai nagusi jorratuak izanen dira aurten, eta gai horien lantzeko, larunbat goizean zehar andana bat mahai inguru eta hitzaldi antolatuak izanen dira eragile desberdinen lankidetzari esker. Goizeko mintzaldiek bide emanen diete arratsaldeko tailer praktikoei, zeinetan ardatz bereziak landuak izanen diren hogeinakako tailer interaktiboetan. Honela, formakuntza eta hausnarketarako momentu bat eskainia izanen zaio parte hartzaile orori, elgarrekin gogoetatuz eta jakintza teoriko zein praktikoak partekatuz. Kontsumitze soiletik harago, festibalariak aktore bilakatzea dugu xede, interakzioa piztu eta bere parte hartzearen bidez ekarpenak egitea sustatuz.
Festibalak esperientzia kolektibo anitzen espazioa izan nahi du. Atera gaitezen ohituretatik eta ausartak izan gaitezen mundu honen edertzeko !