Festibala

MUSIKA

img 2089

 

EHZ Festibalaren nortasuna, bere programazio musikal alternatibo eta aberatsa da. Ez dira gutti EHZtik igarotako taldeak, gerora mundu mailan ezagun egin direnak.  Rap, rock, elektro, metal, reggae… Publiko guztiei egokitutako eskaintza bat proposatzen du festibalak.

EHZ Festibala ez litzateke deus izanen Euskal Herriko musika talde bikain guzti horiek gabe. Talde ezezagunagoak edo ttikiagoak izanda ere, denak kalitatean handi direla erakutsi dute urtez-urte. Festibalean beti ukan dute nazioartean ezagunago diren artisten ondoan, giro ezin hobean haien eskaintza plazaratzeko. Tiken Jah Fakoly, Sutagar, Public Enemy, Lluis Llach, Alpha Blondy, Berri Txarrak, Goran Bregovic, Bigflo & Oli, Fermin Muguruza, Crystal Fighters, Gojira, Keny Arkana, Manu Chao... eta beste anitz izan dira EHZko oholtzen gainetik igaro diren talde entzutetsuak.

 

TAILERRAK

56214466 10157001908876236 7818470710866608128 o


Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da gure festibala. Horregatik, elkar trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen ditugu, eduki politikoari garrantzia nabarmena eskainiz eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz.

Eskaintza politikoak lehentasunezko tokia du gurean: tailerrak, hitzaldiak, mahain inguruak, bestelako lanketa kolektiboak... Bost gai nagusi jorratuak izanen dira aurten, eta gai horien lantzeko, larunbat goizean zehar andana bat mahai inguru eta hitzaldi antolatuak izanen dira eragile desberdinen lankidetzari esker. Goizeko mintzaldiek bide emanen diete arratsaldeko tailer praktikoei, zeinetan ardatz bereziak landuak izanen diren hogeinakako tailer interaktiboetan. Honela, formakuntza eta hausnarketarako momentu bat eskainia izanen zaio parte hartzaile orori, elgarrekin gogoetatuz eta jakintza teoriko zein praktikoak partekatuz. Kontsumitze soiletik harago, festibalariak aktore bilakatzea dugu xede, interakzioa piztu eta bere parte hartzearen bidez ekarpenak egitea sustatuz.

Festibalak esperientzia kolektibo anitzen espazioa izan nahi du. Atera gaitezen ohituretatik eta ausartak izan gaitezen mundu honen edertzeko !

 

IKUSGARRIAK

img 7765

 

Espresio kultural anitzek dute islada EHZ Festibalean. Hamarnaka antzerki, ikusgarri, zirko, dantzaldi, erakusketa... izan dira guretik igaro direnak. Publiko guztiei egokitutako eskaintza bat proposatzen du festibalak, haurrei ere zuzendutako programazio berezi batekin. Haurren Xokoak urtero biltzen ditu ttikieneri liluratuko dien esperientzia meta erraldoi bat: pailazoak, magoak, dantzak, eskulanak, ipuin kontalariak, jolasak, ezagutza berriak eta abar.

Capoeira, yoga, bertsolariak, txarangak, joaldunak... denak balio du gure ingurua kolorez betetzeko! Koloreztatze horri begira, erran beharra da goi-mailako konpainia eta artista askok zapaldu dutela EHZ Festibala: Kukai dantza konpainia, Le Petit Théâtre de Pain, Artedrama antzerki konpainia, ATX Teatroa, Bilaka dantza konpainia, Pirritx eta Porrotx pailazoak ...

 

ENGAIAMENDUA

13662144 10154205189761236 7272791600651451089 o

 

EHZ Festibalak ingurugiroarekiko errespetuan jarduteko egaiamendu irmoa dauka eta horregatik, Euskal Herrian eta Europan aitzindariak izan diren ekinbideak ezarri ditu martxan: plastikaren erabilpena murriztea ahalbidetu duten baso berrerabilgarriak, produktu kimikorik gabeko komun idorrak, garraio kutsadura sahiesteko KM zeroko ekoizpenak eta birziklapen neurriak errate baterako.  Brigada Berdeko kideak ditugu konpromezu horien zaintzaile zintzoak!

Elikadurari dagokionez,  eskualdeko eta Euskal Herriko ekoizleen eskutik eratorritako ekoizpenak dira bertan aurkituko dituzun gehien-gehienak. Eskualdeko garapenarekiko eta garraiotik eratorritako kutsadura emisioak murriztearekiko konpromezua du festibalak, eta ahal den heinean, ekoizpenak baserri biologikoetatik izatea lehenesten da.

Era berean, diru-trukaketak saihesten ahalegintzen gara festibalaren eremuaren barnean, behin-behineko "ttantto" sistemaren bidez ordezkatuz. 

 

ERASORIK GABEKO GUNEA

erasorikez2

 

Gure festibala emazteen, aniztasunaren eta sexu-askapen eskubideen babes-gune den heinean, EHZ Festibalean ez da inolaz ere eraso sexista, lesbofobo, homofobo, arrazista edo dena delakorik onartuko. EHZ Festibala pertsona guztiak aske eta errespetaturik sentitzeko gune gisa ulertzen dugu. Horrenbestez, gogoz kontrako ukimenduak, irainak, bazterkeriak eta bestelako jarrera desegokiak irmotasunez gaitzestuak izanen dira, eta jarrera horiek festibaletik kanporatuak izanen dira. 

Brigada Ubelari esker gai hauen inguruko sentsibilizazio eta zainketa lana eginen da EHZ Festibalean zehar.