Irabazi asmorik gabeko erakundea izanik, aberaste perspektiba batean lan egiten duten enpresa pribatu eta hierarkizatuetatik desberdintzen da, eta era berean, erakunde publiko, pribatu, alderdi, sindikatu edo elkarte guziekiko independentea da. Horrenbestez, EHZren proiektua proiektu kolektiboa eta herrikoia da, herritik eta herriarentzat egina. Jendarte arautu eta kontrolatu honetan, bestelako harreman sozialak garatzeko eta indibidualismoari aurre egiteko balioko duen aisialdi esparru alternatiboa eraikitzea da asmoa. Betiere, Euskal Herri mailako kultur eragile alternatiboen —musika, dantza, antzerki, tindu, bideo, argazki, bertsolaritza, kirola, literatura...— elkarrekiko bultzadarekin. Modu horretan, herri-kultur eta kontra-kultur ikuspegia landuz, eskubide kolektibo horren merkantziaren kontra borrokatzen da elkartea.
Jatorri geografiko, adin tarte, joera politiko eta engaiamendu maila anitzak biltzen ditu. Gurutzatzeko ohiturarik ez duten jende batzuk elkarrekin bizitzera, lan egitera, trukatzera eta besta egitera bultzatzeko nahikeria dauka.
Elkarte euskal herritar gisa definitzen da, euskal nortasunaren jabe izanik eta lehentasunezko komunikazio hizkuntza euskara izanik. Elkarteak, Ipar Euskal Herrian gure hizkuntzaren normalizazio eta hedapenaren aldeko ekimen gisa ulertzen du bere burua.