ELKAR saria jasoko du EHZ Elkarteak

EHZko kideek maiatzaren 9an jasoko dute saria, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean egingo den ekitaldian.

Bi urtean behin ematen du Elkar Fundazioak Proiektuaren Elkar saria. Euskal kultura garatzeko edo sustatzeko misioari begira beharrezko ikusten duen egitasmo bati edo dagoeneko martxan dagoen bati ematen dio, eta Euskal Herria Zuzenean elkartearentzat izango da aurtengoa. "Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osora begira, kultur mugimendua sustatuz euskal kulturaren alde lan handia egiten duen ekimena da", aipatu du Jose Mari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak.

Festibalaren bi balio nabarmendu ditu: elkarlana eta talde lana. "Bi balio horiek oso garrantzitsuak dira Elkar Taldearentzat ere, beti lan egin izan duelako beste kultur taldeekin eta instituzioekin ere, betiere askatasunetik". Era berean, musikatik abiatuta kultur adierazpide anitz eta aberatsak osatzeko egiten duen lana aitortu nahi dio, bai eta euskal musikari "behar duen lekua eta duintasuna" emateko egiten duen ahalegina ere.

10.000 euroko laguntza dakar sariak, eta esker onez hartu dute EHZko kideek. Julen Oillarburu ekarteko kidearen esanetan, prestakuntzari eta tailerrei garrantzi berezia emango diete, "ahaztu gabe eskaintza kultural aberatsa proposatuko dugula urtero bezala". 

 

Informazio gehiago: BERRIA | EITB | NAIZ | DIARIO VASCO